Erlijioek on egiten digute?

2008 Abendua 2 at 23:28

Bidalketa hau Agustin Hiponakoa eta Descartesen gaiekin erlazionatzen da:

Alde batetik, Agustin Hiponakoak zoriontasunerako Jainkoa ezinbestekoa zuela esaten zigun. Gizadiaren historiara begiratuz gero, gizaki guztiek izan dituztela halako sentipenak ematen du: Kultura guztietan sortu dira erlijioak. Badirudi sentimendu erlijiosoa ezinbestekoa zaiola gizakiari, fedeak arrazoimenak uler ezin ditzakeen gauzak azaltzeko balio duela. Erlijio sinesmenak zentzua ematen diola gure bizitzari baita itxaropena ere bai.

Bestetik, historiari begira jartzen bagara eta oso urrutira joan barik, erlijioen izenean zenbat basakeria egin diren ikusiko dugu: gerrak, hilketak, torturak, zentsura, sexualitatearen errepresioa, homofobia, misoginia, … Descartes horrelako batzuen lekuko izan zen: 30 urteko gerra protestante eta katolikoen artean, inkisizioa, ideiak libreki adierazteko ezintasuna …

Honek bidalketa honen izenburuan jarri dizuegan galdera egitera eraman nau. Galderak oso erantzun desberdinak izan ditzake gaiaz norberak duen ikuspuntu eta esperientziaren arabera. Zuenak irakurtzea gustatuko litzaidake.

Zertan datza zoriontasuna?

2008 Azaroa 17 at 18:26

Agustin Hiponakoaren arabera, Zoriontasuna ondasun iraunkorrek bakarrik eman dezakete. Ondasun materialetatik ezin da zoriontasuna etorri, hauek galkorrak izanik ezin baititugu eduki guk nahi dugun guztietan. Zentzu hertsian, zoriontsu egingo gintuzkeen bakarra Jainkoa litzeteke. Egungo testuinguru laikoan ba al du zentzurik Hiponakoaren mezuak zoriontasunari buruz? Zein da zure zoriontasunaren eredua? Zer onartuko zenioke Agustini eta zer ez?

Zoriontasunaz

2008 Azaroa 1 at 12:10

Irakurtzen ari garen testuan Hiponako Agustinek bi baieztapen egiten ditu zoriontasunaren inguruan: Alde batetik, nahi duena, bene-benetan nahi duena, ez daukan pertsona bat ezin da zoriontsua izan. Bestalde, ez da nahikoa nahi dena edukitzea zoriontsua izateko. Nahi den eta edukitzen den hori txarra, komeni ez dena bada, ezin izango da zoriontsua izan. Are gehiago, zenbat eta gehiago eduki orduan eta zoritxarrekoago. Hortaz, zoriontsua izan ahal izateko oso inportantea da nahiaren jomuga ondo aukeratzea eta gero, noski, jomuga hori lortzea.

 Honaino, Agustin Hiponakoaren ikuspegia. Honen inguruan zenbait galdera sor daitezke, nik hemen uzten ditudanak zuek horietaz edo horietako batetaz zuen iruzkinak bidal ditzazuen: Ezinezkoa da zoriontasuna lortzea norberaren helburuak ez badira lortu? Nahi duguna lortzea ez al da nahikoa zoriontsua izateko? Posible da zoritxarreko egingo gaituen zerbait nahi izatea?

Gogoan hartu iruzkin hauetan iritzia baino argudioei erreperatu behar diezuela. Mota bateko eta besteko argudioak erabili. Zuek defendatzen dituzuenak zein bestelakoak. Irrikitan nauzue idazten duzuena irakurtzeko.
Happyness

 

Gobernaririk onenak

2008 Urria 6 at 12:11

Platonen arabera, hiria gobernatzeko erarik onena filosofoek gobernatzea litzateke. Pertsona hauek, jakintsuak eta zuzenak izanik, hiriarentzat egokienak liratekeen erabakiak hartuko lituzkete beti. Demokraziak, ordea, ondorio ezin txarragoak dakartzan sistema da, Atenaseko filosofoaren ikuspegian. Izan ere Demokrazia batean gehiengoaren nahia egin behar da. Baina gehiengo hori ezjakina izanik, hartzen diren erabakiek hondamendira eramaten dute hiria.

Zuk zer uste duzu honetaz guztiaz? Zer nahiago duzu sistema demokratiko bat, non pertsona guztien iritzi eta botoek berdin balio duten ala jakintsuek bakarrik aginduko luketen sistema bat? Zein dira bata eta bestearen arrisku eta abantailak?

Haitzuloari buruzko gogoetak

2008 Iraila 22 at 20:53

Errepublikaren VII. liburuaren hasieran Haitzuloaren alegoria irakurri dugu. Bertan haitzulo baten barrunbeetan, kateetaturik bizi ziren preso batzuk agertzen zaizkigu. Preso hauek itzalak baino ez zirenak errealitatetzat hartzen zituzten. Honen aurrean Glaukonek bere harridura agertzean, Sokratesek zera erantzuten dio: Atxilo horiek gu bezalakoak dira.

Zuk zer uste duzu? Gu ere “haitzulo batean kateaturik eta engainaturik” bizi garela? Zeintzuk dira lotzen gaituzten kate horiek? Zer egin dezakegu kate horiek hausteko eta haitzulotik irteteko?

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5