Zoriontasunaz

2008 Azaroa 1 at 12:10

Irakurtzen ari garen testuan Hiponako Agustinek bi baieztapen egiten ditu zoriontasunaren inguruan: Alde batetik, nahi duena, bene-benetan nahi duena, ez daukan pertsona bat ezin da zoriontsua izan. Bestalde, ez da nahikoa nahi dena edukitzea zoriontsua izateko. Nahi den eta edukitzen den hori txarra, komeni ez dena bada, ezin izango da zoriontsua izan. Are gehiago, zenbat eta gehiago eduki orduan eta zoritxarrekoago. Hortaz, zoriontsua izan ahal izateko oso inportantea da nahiaren jomuga ondo aukeratzea eta gero, noski, jomuga hori lortzea.

 Honaino, Agustin Hiponakoaren ikuspegia. Honen inguruan zenbait galdera sor daitezke, nik hemen uzten ditudanak zuek horietaz edo horietako batetaz zuen iruzkinak bidal ditzazuen: Ezinezkoa da zoriontasuna lortzea norberaren helburuak ez badira lortu? Nahi duguna lortzea ez al da nahikoa zoriontsua izateko? Posible da zoritxarreko egingo gaituen zerbait nahi izatea?

Gogoan hartu iruzkin hauetan iritzia baino argudioei erreperatu behar diezuela. Mota bateko eta besteko argudioak erabili. Zuek defendatzen dituzuenak zein bestelakoak. Irrikitan nauzue idazten duzuena irakurtzeko.
Happyness

 

zabaldubildudel.icio.us

12 Iruzkin »

  1. Maider Goikoetxea -(e)k esandakoa,

    Azaroa 10th, 2008, 8:58 am

    Agustin Hiponakoaren testua irakurtzen aritu izan garen bitartean, filosofo kristau hark garai hartan zoriontasunaz zuen ikuspegia zein den ikusi ahal izan dugu; horrela, hainbat galdera sortu zaizkigu. Hala ere, ez da erraza erantzun zehatz bat topatzea. Hainbat gauzari erreparatu beharko diogu, beraz.
    Nire aburuz, zoriontsua da bizitza bere gustura bizitzen dakiena; baina, zertan datza bizitza ondo bizitzeak?
    Alde batetik, bakoitzak beti buruan izan duen patua lortzea da gauzarik garrantzitsuena, eta behin hori lortuz gero, bakoitzaren jabetzan (eskuartean) denboran zehar mantentzea. Ez da gauza erraza, ez, baina badaude iraukorrak diren gauzak eta igarokorrak direnak. Hori dela eta, normalean, iraunkorrak diren gauzak lortzen saiatu behar du zoriontsu izan nahi duenak.
    Esate baterako, etxe bat lortu nahi duenak lor dezake, baina betirako mantentzea ez da lan erraza izango; izan ere, edozein unetan gal dezake. Hala ere, eduki bitartean zoriontsua izango da pertsona hori. Horrez aparte, arima garbia duenak (ez du zertan iraunkorra izan behar, baina, normalean, bai) zoriontsua izango da ziur aski. Ingurune lasai batean bizitzeko aukera izango du, arazo larriez at; betiere, bizitzan suertatzen diren arazo txikiak gainditzeko gai izanik.
    Laburbilduz, bere helburua lortzean gauza iraunkorrak lortzen dituen edozeinek izango du bizitza zoriontsua gertatzen zaiona gertatzen zaiolarik ere.

  2. ane amirola -(e)k esandakoa,

    Azaroa 11th, 2008, 11:09 pm

    Nire ustez, zoriontasuna, nahi dena edukitzen lor daiteke. Era berean, gizakiok inoiz ez garela guztiz zoriontsu izango uste dut. Izan ere, etengabe nahi izango ditugu gauza ezberdinak. Hau da, bat edukitzean beste bat nahi izango dugu eta hori etengabe errepikatuko da. Zoriontasuna lortu ahal izateko, arima garbia edukitzea ere beharrezkoa dela esan beharra dago. Horrela, arima garbia izanda, bakean bizi gaitezkeela, lasaitasunean, gure burutik txarto egin duzun zer edo zer pasatu barik.

    Gauza iraunkorrek egiten gaituzte benetan zoriontsu eta ez igarokorrek.

  3. Zuriñe Etxebarria Maderal -(e)k esandakoa,

    Azaroa 11th, 2008, 11:22 pm

    Gure buruan ditugun iritziak,nahiak edo gogoak normalean ez dira betirako gure buruan geratzen, baizik eta denborarekin aldatu egiten dira. Izan ere, egun batean egon gaitezke alai eta bat-batean triste, beraz, baditugu aldaketa asko gure sentimenduei dagokionez. Hori dela eta, uste al duzue egun batean lortu nahi duguna, lortuz gero, zoriontsu izango garela?
    Nire ustez, alde batetik egia da zoriontsuak izango garela nahi dugun hori lortuz gero, baina bakarrik denbora tarte batean, aldatzen dena guk nahi dugunaren arabera, hau da, gure nahien arabera. Adibidez, goizean izozki bat nahi dut bero asko egiten duelako, eta ez dudanez dirua ezin izan dut erosi eta triste geratu nahiz. Baina, arratsaldean dirua hartu dut eta izozkia erosi ondoren pakete bat nahi nuen. Zoritxarrez diru guztia agortu dut izozkian eta berriro triste jarri naiz. Hau dela eta, esan dezaket, gizakiak ez direla inoiz asetzen, beti gehiago eta gehiago nahi dugula.
    Duela urte batzuk, gure gurasoen denboran, hau aldiz, ez zen gertatzen. Gazteek edozein gauzekin konformatzen ziren, izan ere urte haietan ez zegoen orain dagoen ekonomia, hala ere, ez zuten hainbeste exijitzen. Guk, ordea, beti gauzak erosten gaude, eta beti duguna baino gehiago edukitzeko gogoekin eta uste dut hori ez dela batere ona. Zeren eta, orain eduki dezakegu diru nahikoa antojuak erosteko baina hainbat urte barru ??? Ez dakigu, ondorioz, jakin behar dugu dugunarekin bizitzen eta beharrezkoa ez bada ez erosten edo eskatzen. Hala ere, ez dago txarto noizean behin nahi dugun zerbait erostea.
    Horren ondorioz, uste dut ez dela nahikoa nahi duguna zoriontsu izateko, gure pentsamenduak eta sentimenduak asko aldatzen direlako. Horretaz aparte, jakin behar dugu dugunarekin bizitzen eta ez gehiago eskatzen, gehiago edukitzeagatik ez garelako besteak baino gehiago edo hobeto izango. Besteekin aldatuko den gauza bakarra izango da, haiek beti edukiko dutela zerbait berain buruan nahi dutena , eta edozein gauza egingo dutela hori lortzeko. Bestea aldiz, guztia duena ez du inoiz esperientzia hori jasango.

  4. Aida -(e)k esandakoa,

    Azaroa 12th, 2008, 8:53 pm

    Nire ustez, benetako zoriontasuna ez da existizen. Honekin esan nahi dudana da ez dugula inoiz nahi duguna lortuko. Nahi duguna lortzerakoan beste gauza bat izatea nahi dugu eta gauza hori lortutakoan beste bat. Mundu honetan, zorigaitzez kontsumismo izugarrian bizi gara. Materialista hutsak gara. Materialezko gauzak plazerra ematen digute eta plazer hori denbora murriztua izango du, bukatu arte edo guk alde batera utzi arte. Materiala ez den gauza batekin baita ere plazerra lortu dezakegu baina baita ere, nire ikuspuntutik, plazer hutsa da eta sentimendu hori kadukatzen da denbora neurtua dauka.

    Norberak ezarritako helburuak lortzea, hori da poztasun handiena sortzen didana eta zerbait hori ahalik eta zailagoa bada are eta poztasun handiagoa, baina hala ere, ez dut zoriontasuna aurkitu.

    Hori guztia esanda, nire ikuspuntua eta iritzia badakizue. Zoriontasuna exinezkoa edo oso oso zaila da sentitzea. Zoriontasun sentimendua sentitzen bada ere oso denbora gutxirako da.

  5. Aitor Jimenez Ibarra -(e)k esandakoa,

    Azaroa 12th, 2008, 9:01 pm

    Bizitzan zehar nahi eta helburu asko ditugu baina horietako batzuk ez dira betetzen. Kasu hauetan garrantztsuena iruditzen zait egin ditugun akatsetatik ikastea beste baterako. Era berean bertaraino lortutakoa baloratu behar dugu. Honela ere zoriontsuak izan gaitezke. Argi dago gure nahietako batzuk bete behar ditugula bizitzan aurrera joan ahal izateko. Bestela gure bizitza ez luke sentsu handirik edukiko, doakabe biziko bai ginateke.
    Gure helburuaklortzen ditugunean hauek mantentzen saiatu behar ditugu, honela zoriontasuna mantenduko dugu. Adibidez, nota onak ateratzea lortzen badugu hauek mantentzen zaiatu behar dugu. Ez du ezertarako balio azterketa batean 10 ateratzea hurrengoetan 0 ateratzen badugu. Niretzako zailagoa da zoriontasuna mantentzea hau lortzea baino.
    Atzo telebistan atera zen nezka bat zeinak eriotza eskatzen zuen. Izan ere, oso txikitatik leutzemia eduki du eta egunero sendagaiak hartu behar zituen. Sendagai hauek direla eta bihotza aldatu behar diote, ebakuntzetik bizirik oso esperantza gutxi duelarik. Oso gaztea izan arren bere bizitza duintasunez bukatzeko erabakia hartu du. Hilko den arren beintzat “zoriontsu” izango da.

  6. ione eizmendi gallastegi -(e)k esandakoa,

    Azaroa 13th, 2008, 12:32 am

    Ezinezkoa da zoriontasuna lortzea norberaren helburuak ez badira lortu?

    Pertsona orok du ametsen bat, lortu nahiko lukeen zerbait eta nahiz eta haren bila bizitza osoa eman ez, noizbait lortzearekin amesten duenean zoriontsua da. Nire ustez ez da behar beharrezkoa nahi duzun hori lortzea zoriontsu izateko. Adibide batekin argiago ikusiko dela uste dut: zuk aktore bat miresten duzu, bera ezagutzea ikaragarri gustatuko litzaizukeen zerbait da. Alde batetik zoriontsua zara bere filmeak ikusi bitartean, bera ezagutuko zenukeen eguna imajinatzen duzun bitartean, zure “pelikulak” muntatzen: ea zein izango den berak zuri esandako lehen hitza, ea zuk imajinatzen duzun bezalakoa den, ea musurik emango dizun, jatorra den… Beste alde batetik agian ezagutzerako orduan desilusionatzen zaitu eta nahiz eta zure helburua lortu duzun ez zara zoriontsua. Beraz, nire ustez San Agustin ez zegoen guztiz zuzen “nahi duena, ez daukan pertsona bat ezin da zoriontsua izan”.

  7. Eneritz -(e)k esandakoa,

    Azaroa 13th, 2008, 12:41 am

    Zoriontasuna da guztiok nahi genukeena, baina zer da zoriontasuna? Batzuentzat maitatua izatea, beste batzuentzat egunero ahal den guztia lo egin ahal izatea…azken finean, bakoitzak bere nahiak ditu eta horiek lortzean datza zoriontasuna. Egia da, zoriontasun “absolutua” lortzea zaila dela, gehienetan gizabanakoon nahiak asko eta lortzeko izugarri zailak direlako.

    Nire ustez, gaur egun eta orokorrean lurralde aberatsetan oso handinahiak gara eta arraskata lortu nahi dugu gure bizitzaren alderdi guztietan. Horrek egiten gaitu dohakabe, handinahi horrek, geroz eta zoriontsuago izateko nahiak. Lurralde txiroetako umeak, adibidez, pozik bizi dira (gehiengoa behintzat) ez ondasun materialik, ez osasunik, ez ezer eduki gabe. Haiek zoriontsuak dira, ondotik pasatzerakoan irrifar bat izaten dute aurpegian; hemengo umeak, aldiz, kexu ibiltzen dira konsolarako beste joku bat nahi dutelako, jadanik horren antzeko hamabost dituztenean. Daukagunarekin konformatuko bagina zoriontsuak izango ginateke.

    Zaila da zorionduna nor den aipatzea…Gauza abstraktoa izanik bakoitzak bere erara imajinatzen du, eta hori horrela, zoriontasuna ondasun material gehiago izanez lortzen dela dioenak hori egiten saiatuko da, beste batek paperezko hegazkin batekin konformatuko den bitartean. Azkenean, lehenengoak zoriontasuna bilatzen eman duen denbora hori paperezko hegazkinaren jolasten eman du besteak. Nor izan da zoriontsuago?

    Amaitzeko, ez dut uste zoriontasuna bilatu behar denik, tristura ekiditu baizik. Triste ez gaudenean eta gure bizitzarekin konformatzen garenean gara zoriontsu. Ez dugu zertan zoriontsu izateko behar duguna bilatu, ez baitugu ezer aurkituko. Edozein momentutan egon gaitezke pozik zein triste eta hori gure pentsamenduan datza. Hau da, pozik gaudela esaten badiogu geure buruari, eta honek hori sinisten badu, horrela izango da.

  8. Izaro Azkunaga Beitia -(e)k esandakoa,

    Azaroa 15th, 2008, 1:21 pm

    Agustin Hiponakoarekin bat nator ni. Pertsonok bene benetan nahi ditugun gauzak lortzen ez baditugu edo gure eskura ez baditugu, ez gara zoriontsuak izango. Orduan, zoritxarreko pertsonak izango gara?

    Agustinen ustez bai, baina nire iritzia, aldiz bestelakoa da galdera honi buruz gogoeta egiterakoan. Zoriontasuna lortzeko behar dugun hori ez da diruaz lortzen, beraz, beste bide bat aukeratu eta jorratu beharko da, bide hori burutzen soilik lortuko baita gure nahiak asetzea. Gerta daiteke, bide horren amaiera noiz agertzeko zain egotea bizitza osoan eta inoiz ez ikustea, baina hala eta guztiz ere, nahiz eta helmuraga ez heldu eta bene benetan nahi ditugun gauzak lortu ez izan arren, zoriontsuak izan gaitezke.

    Izan ere, bide luze, gogor eta latz horretan ezustean topatutako gauzak, iritziak, pentsamenduak… bizitzari zerbait positiboa edo negatiboa aportatuko diete eta horrek zelan bizi, zer nolako iritziak hartu edo ez hartu…aukeratzen lagunduko digu.

    Beraz, zoriontsua izan zaitezke nahi horiek lortu barik; bide horretan gogor arituz eta helmugara heltzen saiatuz nahikoa dela uste dut. Zeren azken finean, noiz gara zoriontsu?

    Ezina ekinez egiten saiatzean!

  9. Garbiñe -(e)k esandakoa,

    Azaroa 16th, 2008, 9:18 pm

    Gai zaila oraingo honetan aurkeztutakoa, izan ere, zoriontasun kontzeptua bera ere oso erlatiboa da eta faktore askok dute eragina honetan.

    Agustinek argi dauka benetan nahi duena ez duena ez dela inoiz zoriontsu izango, nire aldetik hau ez da zertan horrela izan. Badira pertsona asko beraien helburuak edo nahi dituzten gauzak lortu ezin dituztenak eta hala ere, dutenarekin zoriontsu izatera heldu direnak. Honetan pertsona horren izaerak, gizarteak, heziketak besteak beste eragina dute. Gure gizarte materialista honetan zoiontsu izateko badirudi beharrezkoa dela maila ekonomiko jakin bat izatea , horregatik pertsona asko ez dira zoriontsu gizarteak markatzen dituen zoriontsu izateko baldintzak betezen ez dituztelako eta ondorioz ez dira beraien buruarekin pozik egongo. Bestalde, jasotako heziketak ere eragin handia dauka, irakatsi badizute zoriontsu izateko familia bat osatzea oinarrizkoa dela hori lortzen saiatuko zara. Baina , hala ere, esperientziak, bizipenek gaztetan izaniko zoriontzasun kontzeptua alda dezakete eta bakoitzaren izaerak bizipen horien aurrean dugun jarrera markatuko dute. Beraz, lehen aipatu bezala eta pertsonen izaera kontuan hartuz, pertsona batzuk nahiz eta nahi dutena ez lortu zoriontsu izan daitezke, beste asko aldiz, ez.

    Honekin guztiarekin esan nahi dudana zera da; zoriontasuna nahi duguna lortzea baino askoz konplexuagoa dela eta nire aburuz, gure gizartean konkretutki ( eta orokorrean gizarte aurreratuentan) zoriontsu izatea oso konplikatua bihurtzen ari dela. Beraz, Agustinek zoriontzasunari buruz egindako gogoeta nahiko azalekoa deritzot.
    Aipatutako guztiarekin esan nahi dudan

  10. Oihane -(e)k esandakoa,

    Azaroa 17th, 2008, 12:28 am

    Zoriontasuna oso erlatiboa den sentimendu bat da, gauza handi zein txikietan topatzen dena (batez ere eguneroko detaile txikietan).

    Nire aburuz, norberak dituen desirak eta nahiak betetzearen ondorioz zoriontasunera hel gaitezke, beti ere kontuan izanik hainbat faktore sartzen direla jokoan (ez bakarrik gure nahiak). Hala ere, askotan guk pentsatutako “mugak” ez eskuratzeak frustrazio ikaragarria eragiten digu, beraz, suposatu beharko genuke frustrazioa ez eragiteko desirak lortzearekin zoriontasuna eskuratuko dugula. Askotan gehiegi saiatzen gara hainbatetan inposiblea zaiguna lortzen, gauza anitz lortutakoan ordea, esaten denez, gero eta gehiago nahi izaten amaitzen dugu. Baina, ba al dago nolabaiteko mugarik? Finka ditzakegu guk geuk gure nahien kopurua?

    Bat nator San Agustinek dioenarekin, gero eta gehiago eduki orduan eta gehiago nahi dugu. Adibide gisa, aberatsen kasuak ditugu. Diru eta ondasun asko dituztenez, inoiz ez dute nahi beste. Biziotzat hartu dezakegu dirua, oso dependentzia handia sortu eta ia guztia (guztia ez esatearren) erosteko almena baitu. Beraz, kontrolatzen jakin behar dugu nahiz eta oso zaila gertatu. Gure burua kontrolatzeko aski azkarrak izan behar gara edozein gauzak pentsaera aldatzen gaituelako. Limite bat ezarri behar diogu geure buruari, beharrizanak asetuta ditugunean eta ondo bizi garenean ez dugu gehiagorik behar diruak ez baitu beti zoriontasuna ematen.

    Baliteke ere, zoritxarra dakarkigun zeozer desiratzea. Askotan ez dugu ikusten ondorio txarrak ekarriko gaituenik edo hain burugogorrak gara ezen ez dugun ikusten edo ikusi nahi ez dugun benetan dena. Badaude hainbat gauza on , amodioa bezalakoak, noizbaitetan zoritxarra dakarkigutenak baina gauza txarrak desiratzea ere posiblea da. Jende zintzoak normalean ez ditu hauek aukeratzen, norberak mugatzen du zein puntutaraino diren txarrak edo onak, bakoitzak du gauza bat edo bestea egiteko aukera. Bakoitzak daki zer den ona eta txarra, beti ere pertsonen arteko ezberdintasunak daudela.

    Beraz, jakin behar dugu non dagoen gure nahien muga eta zoritxarrean ez erortzeko ondo aukeratu behar ditugu eskuratu nahi ditugun gauzak. Halaber, zoriontasuna luzaroan ezin dela mantendu uste dut. Eszeptikoa naiz zoriontasun amaigabearen kontzeptuarekin.

  11. nerea f -(e)k esandakoa,

    Azaroa 18th, 2008, 10:51 pm

    Ezinezkoa da zoriontasuna lortzea norberaren helburuak ez badira lortu? Nahi duguna lortzea ez al da nahikoa zoriontsua izateko? Posible da zoritxarreko egingo gaituen zerbait nahi izatea?

    Zoriontasunari dagokionez, ez nator guztiz bat San Agustinen iritziarekin.

    Alde batetik, batzutan gaizki sentitzen gara zerbait nahi genukeen eran ateratzen ez delako edota gertatutako zerbait tristetzen gaituelako; eta momentu horretan ez gara zoriontsu sentitzen.

    Hala ere, denbora bat igaro ondoren zoriontsu senti ohi gara berriro, konturatzen garelako bizitzan lehen aipatutako egoera ‘txar’ horiez aparte beste hainbat daudela, zoriontsu bihurtzen gaituztenak.

    Bestalde, norbaiten helburua beste norbait hiltzea edo lapurretak egitea bada, behin hori lortuta zoriontasuna lortuko du nire ustez. Egia da horrek kalteak eragingo dituela besteengan, baina horrek ez du esan nahi gaizkile hori zoriontsua izango ez denik.

    Dena den, gerta daiteke gaiztakerien bidez lortutako zoriontasuna kaltegarria izatea epe luzean. Adibidez, goiko kasuetan hasieran pertsona hori ongi sentituko da bere buruarekin, baina epe luzera (harrapatua izateagatik kartzelara sartzen badute, esate baterako) baliteke zoriontasun hori desagertzea.

    Ondorioz, aurreko argudioak kontutan harturik, ez dut uste norberak dauzkan helburu guzti guztiak betetzea beharrezkoa denik zoriontsu izateko eta era berean, nahi dena lortzea nahikoa da zoriontsua izateko, epe laburrean behintzat.

  12. Asier Pagaza -(e)k esandakoa,

    Azaroa 20th, 2008, 12:34 am

    Hiponako Agustinekin lanean ibiltzerakoan galdera hau planteatu zaigu: Ezinezkoa da zoriontasuna lortzea norberaren helburuak ez badira lortu? Berak dioen bezala bene-benetan nahi duena ez daukan pertsona bat ezin da zoriontsua izan. Nire ustez gizakiok nahi duguna lortzen badugu zoriontsu bizi gara, hala ere, askok ezin dugunez lortu nahi duguna konformatu beharra daukagu daukagunarekin eta horrekin zoriontsu izan gaitezke, dena ez delako materiala izan behar.

    Horrez gain, nahi duguna lortu eta gero zorintsu izan gabe garrai dezakegu beti nahi dugulako gehiago, gainera , nire ustez ezinezkoa da nahi dugun guztia lortzea.

    Azkenik “Posible da zoritxarreko egingo gaituen zerbait nahi izatea?” aipatzen da. Baiezkoa aldarrikatuko nuke nik, askotan besteak zoritxartzeagatik gu zoritxar egoten garelako.

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5